2017(e)ko irailaren 27(a), asteazkena

Euskararen hedadura, legedia eta erabilera

Euskara euskal lurralde guztietako hizkuntza da, baina, dakigunez, hainbat lekutan hizkuntzaren mugak historian zehar atzerantz egin dute. Orain, ordea, berreskuratze-prozesuan gaudela-eta, helburua transmisioari eustea da batetik, eta bestetik, euskaldun berriak sortzea. Horri esker Euskarari eustea eta zabaltzea lortuko dugu. Adituen esanetan, gaur egun, euskal hiztunen kopurua sekula baino handiagoa da.
Infografia hauetan ederto azaltzen dute Euskarak izan duen eta, gaur egun duen hedadura:

http://www.erabili.eus/zer_berri/galdezka/1077895960

 Legediari dagokionez, Euskal Herria hiru administrazio politikotan banatuta dago, eta horrek eragin handia dauka euskarari ematen zaion babesean eta bultzadan. EAEn euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera; gauza bera gertatzen da Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean ere. Iparraldean, ordea, euskarak ez dauka inongo ofizialtasunik.


Xuxen, ezinbesteko tresna

Zer da Xuxen.eus eta nola erabiltzen da?

Xuxen.eus Xuxen zuzentzaile ortografikoa online erabiltzeko aukera ematen duen webgune bat da. Aurreko bertsiotik hona, hainbat aldaketa eta hobekuntza egin dira, bai Xuxenek oinarrian erabiltzen dituen datuetan, bai diseinuan. Xuxen.eus berrian, Xuxen5 jarri dugu erabiltzailearen eskura, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldearen eta Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia unitatearen artean sortutako bertsioa.
Erabiltzailearen hiztegia kudeatzeko aukera ere gehitu dugu. Hiztegian sartutako hitzak ikus ditzake erabiltzaileak, eta hitzok gehitzeko eta kentzeko aukera du. Testu bat zuzentzean ere, erabiltzailearen hiztegia erabili ala ez aukeratu dezake.
Testuak zuzentzeko, hainbat funtzionalitate berri integratu ditugu webgunean; esate baterako, hitz hobetsiak proposatzeko aukera gehitu dugu. Zergatik? Bada, testu bat zuzena izan arren, testuko hitz batzuek forma hobetsiak izan ditzaketelako.
Beste adibide bat: testu-kutxan sartzen den testua Elhuyar Hizkuntza eta Teknologiaren TTS sistemarekin entzuteko aukera dago. Baita Matxin itzultzaile automatikoa erabiltzeko aukera ere. Gainera, testu-kutxan sartutako testuaren hizkuntza detektatzen da zuzentzera bidali baino lehen; hala, erabiltzaileak beste hizkuntza bateko testu bat sartzen badu, abisu bat aterako zaio pantailan. Adibidez, gaztelaniazko testu bat sartzen badu, sistemak detektatu egingo du, eta galdetuko dio ea euskarara itzuli nahi duen Matxin itzultzaile automatikoaren bidez.
Ondoko bideoak Xuxen.eus berrian testu bat nola zuzentzen den erakusten du, adibide baten bidez:

2017(e)ko irailaren 26(a), asteartea

Urtebete Itsasargian

Aurreko saioetan aipatu dugun moduan, lehenengo ebaluazio honetan irakurriko dugun liburua Miren Agur Meaberen Urtebete Itsasargian dugu. Liburuari eta idazleari buruzko nondik-norakoen berri izateko eta jakin-mina piztearren, hona ekartzen dizuegu Ondarroako Zubi Zahar Ikastolakoek egindako proiektua, zinez interesgarria eta liburuaren irakurketarako lagungarria. Aurkezpen hau bidelagun izango dugu gure saioetan, baliagarria izango delakoan, hona hemen:
Ekiozue liburua irakurtzeari, di-da batean bukatu duzuela ziur gaude. Irakurri ahala egin itzazue iruzkinak Blogean beldurrik gabe, elkarreragina guztion onerako izango da eta.

Deskribapena lantzen

Deskribapena landu behar dugula eta, gogoan izan beharrekoak:
Deskribatzea nork bere ikuskeratik zerbaiten edo norbaiten ezaugarriak azaltzea da.
Zentzumen guztiak baliatuz deskriba dezakegu (ez soilik ikusmena erabilita).
Gainera, kontuan izan behar dugu, deskribatzea ez dela kanpoko ezaugarrien berri ematea soilik; gure pentsamenduak, sentimenduak, irudipenak eta usteak nolakoak diren ere azal dezakegu.

Urtebete Itsasargian irakurtzen hasi zarete?
Deskribapenaren adibide zoragarria daukazue 15. orrialdean:

 "Faroa eraikita zegoen tokitik hurbil samar, itsas koba baten aho luxezka ageri zen. Zuloa zabaldu egiten zen barrenerantz, harkaitzezko areto bate eratuz. Kolorez blai zegoen, argi-giro goxo batean bildua; egon ere, koban, itsasoaren higadurak zabaldutako putzu bat zegoen harri leunduen artean, eta sabaiko arrakaletatik, sartzen ziren izpiek ostadarra sortzen zuten putzuko olatuek askaturiko lurrina zeharkaztean. Zoruan, goroldio samurra eta mareak sakabanaturiko itsas belar gorriak eta barakuiluak."  (Urtebete Itsasargian, Miren Agur Meabe, Elkar, 2006)

Paper zuriaren aurrean egoteari beldurra kendu eta hasi idazten, animo!

2017(e)ko irailaren 15(a), ostirala

Hitzak sortzeko bideak euskaraz.

MORFOSINTAXIA: Lexikogintza.

Hizkuntza bakoitzak bere bideak ditu hitz berriak sortzeko. Euskarak ondoren azalduko dizkizugun bost hauek erabiltzen ditu batik bat: Mailegutza, Elkarketa, Eratorpena, Zabalkuntza semantikoa eta Berrezarpen lexikala.


DESKRIBAPENA: Munduari begiratzeko

Deskribapenaren nondik norakoetan sartu aurretik, aurreko batean gelan landu genuen olerki musikatua dakarkizuegu.
Euskara esan, eta gutako bakoitzari hainbat sentimendu ernetzen zaizkigu. Danok daukagu mundua ikusteko modu bat, berezia eta bakarra, begiratu diezaiogun munduari euskaraz. 
Zaharregia agian, txikiegia agian... baina gurea, azken finean.
Kirmen Uriberen letra sentikorrak, Mikelen ahots hurbila... Begiak itxi eta gozatu!

Ongi etorri zuon blog honetara

Tipula morea deritzon bloga DBH4ko Euskara eta bere Literatura  ikasgaia aberasteko asmoz sortu dugu. Ariketak, azalpenak, material osagarria, esteka interesgarriak... aurkituko dituzu berton.
Ikasleon parte-hartzea ezinbestekoa da gure txoko hau elikatzeko zein eguneratzeko, beraz, animo eta parte hartu!